6 Julio 2015
Gure lehenengo mezua
Asko pozten gaitu Prometearen webgune berrian idazten dugun gure lehen mezua partekatzeak, sukaldeko lan handia eskatu digun prozesua izan baita. Gaurko Prometea definitzeaz gain etorkizuneko asmoak irudikatu eta hori guztia hitz, irudi eta edukitan islatzea erronka polita izan da.
Prometea. Sorkuntza kolektiboari bizia ematen diogu.
Hauxe da gure aurkezpen txartel berria. Mezu horrek biltzen ditu gure mamia, 2003. urtean sortu ginenetik egin nahi izan dugun ekarpena eta biharko gure apustua.
Esaldi horren atzean askoz gehiago ere badago: gure balioak, egiteko irizpide eta modu propioak, sorkuntza kolektiboaren aldeko hautua eta, garenetik eta gauden tokitik, eraldaketa eta berrikuntza sozialari ekarpena egiteko konpromisoa.
Webgunearen osagaietako bat da blog hau ere. Prometearen zeregin eta egunerokotasunarekin lotura izanik, interesgarriak zaizkigun gaiei buruz gure ikuspegia eta ideiak partekatzeko gunea izan nahi du.
Blog bizia helburu, gutxienez hilean behin idazteko konpromisoa hartu dugu. Batzuetan euskaraz arituko gara, beste batzuetan gaztelaniaz. Irudiak erabiliz eta gabe. Sentitzen dugun moduan, Prometea ukitzen duten kontuei erreparatuz. Irakurketa inspiragarria gertatzea espero dugu.
Nahi duzunean txoko honetan aurkituko gaituzu, hartu-emanean aritzeko prest eta gogotsu.
Eskerrik asko!
Iciar eta Zorione